Sartu

Harremanen eta erkidegoen aldeko politika sozial baten alde

Fernando Fantova

Nire ustez, komenigarria izaten da noizbehinka etengabe erabiltzen ditugun hitzen inguruan hausnartzea. Artikulu labur honetan horixe egin nahiko nuke honako bi hitz hauekin: gizarte politika. Kontua eztabaida pizteko ozenki pentsatzea da.

Gizarte-politika politika publikoen barruko alor bat edo dimentsio bat dela esan dezakegu. Bestalde, nire ustez, politika publikoak ez dira erakunde publikoei soilik interesatzen zaien edo eragiten dien zerbait, eta ez dituzte erakunde publikoak soilik barne hartzen, izan ere, gero eta argiago ikusten baitugu guztion ongizatea, erabaki politikoak eta taldeen auziak eragile talde desberdin, konplexu eta elkarreragileen esku daudela, eta noski, publikotzat jo ohi diren eragileen eskuetan daude, baina baita gizarte zibila delakoaren esparruan kokatu ohi ditugunen esku ere.

Nolanahi ere, gizarte-politikaz hitz egiten dugunean, badirudi axola diguten eta kolektiboki modu berezian eragiten diguten erabaki, esparru, auzi, eskubide eta beharrei buruz ari garela eta babestu, sustatu eta pertsona guztiei bermatu nahi dizkiegula (dauzkaten baliabide eta gaitasunak kontuan izan gabe), beren harreman informaletan nahiz merkatuko dinamiketan aldarrikatu ahal izateko. Normalean, gizarte-politikaren barruan, sektore-esparru jakin batzuk bereizten dira (ongizatearen oinarriak direlakoak), horiek behar unibertsalak dira, oinarrizko ondasunak, alegia: osasuna, hezkuntza, lana, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak, bizirik irauteko diru-sarrerak bermatzea...

Neurri handi batean gizarte-politika merkatutik ateratzea edo desmerkaturatzea dela ulertu da. Hau da, eskatzaile kaudimendunen arteko merkatuko trukea beharrak asetzeko paradigma-mekanismo bihurtzen joan den gizarteetan, botere publikoek behar batzuk merkatutik kanpo bermatzeko esku hartzen dute. Hala ere, elementu horiek zati batean soilik edo modu kontraesankorrean ere desmerkaturatu direla esan liteke, izan ere, hasteko, sarritan ongizate publikoko sistemek eskaini dutena eta eskaintzen dutena dirua izan da (hau da, pentsioak) eta pertsonak horrekin merkatura joan behar du ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko.

Jarduera eremu batzuetan, adibidez, hezkuntzan eta osasunean, herri administrazioek zerbitzuak eskaintzeko ardura beren gain hartu dutenean (kontuan izanik ez direla merkatuko prezioan saltzen, ezta gutxiago ere), neurri handi batean, merkataritzako dinamikek harrapatu dituzte. Pentsa, adibidez, nolakoa den osasun sistema publikoen eta farmazia enpresen arteko harremana, edo are gehiago, langileek (eta haien sindikatuek) administrazioan lan egiten dutenean harekin dituzten harremanen patroiak, hau da, ez dago desberdintasunik langileek (eta haien sindikatuek) enpresak irabazi asmoa duenean enpresarekin duten harremanarekin alderatuta.

Nolanahi ere, horrela genbiltzan gizartearen aldaketa sakon eta lotu batzuek geurea bezalako herrialdeetan geneukan ongizatearen oreka ezegonkorra modu garrantzitsuan aldatzen hasi direnean. Elkarri lotuta dauden fenomenoei buruz ari naiz, adibidez, biztanleria zahartu da eta menpekotasun funtzional egoerak areagotu dira; emakumeak lan-merkatura sartzen joan dira eta familien egiturak eraldatu eta dibertsifikatu dira; lan-ibilbideak eta, oro har, bizitzakoak indibidualizatu dira; kultura kontsumista hedatu da eta pertsona asko eta askok beren eskubideak ezagutzen dituzte...

Testuinguru horretan, harremanak masiboki suntsitu dira, familia-sareen babes gaitasuna asko ahuldu da, erkidego izaera duten nortasun eta loturen inguruko alorrak asaldatu dira, eta azken finean, gizartea polarizatu eta zatikatzeko prozesuak eta arrisku berriak gertatu dira. Hori ikusirik, ohiko gizarte politikak oso estandarizatuta daude eta neurri batean, berriz merkaturatzeko joera dute eta bereziki ikusten da ez direla nahikoa (kontrako emaitza lortzen ez dutenean).

Nire ustez, horixe gertatzen da seme-alabak dauzkaten familientzako 2.500 euro ematea xedatzen duen legearen eta menpekotasun legearen kasuan, izan ere, horien garapena eta aplikazioa ez dago zerbitzu pertsonalizatu eta malguetan oinarrituta, ez dira pertsona bakoitzaren beharretara egokitzen, aitzitik, prestazio ekonomikoak dira, ez dira helburuari begira garatu, eta legearen asmoaren kontra, neurri handi batean, menpekotasun egoeran dauden pertsonen arreta ez-formalean generoen artean dagoen desberdintasuna eta ezkutuko ekonomia mantentzen edo areagotzen laguntzen dute, arreta formal eta profesionalizatura jo beharko litzatekeenean.

Egoera eta kontraesan horiek ikusita, nire ustez, erronka honakoan datza: harremanei, konfiantza sareei eta familia eta erkidegoko bizitzari dagokienez, erantzukizun publikoa ulertu eta azpimarratzea. Gizarte politikak harremanak sortzen lagundu behar du, egitura-kapitala (adibidez, azpiegiturak), kapital intelektuala (edo gizon-emakumeena) eta kapital ekonomikoa (esaterako, bankuen erreskatea) bezalako alorretan laguntzen duen bezala.

Horrelako gizarte-politika, harremanekin eta erkidegoarekin lotuta dagoena, zerbitzu pertsonaletan eta autonomia pertsonala, erkidegoaren aktibazioa eta autokudeaketa soziala sustatzen dituzten esku-hartze kolektiboetan oinarritzen da. Familiako, auzoko eta erkidegoko bizitza erraztu eta sustatzen eta bizitzako beste alderdi batzuekin bateratzen ahalegintzen den politika bat da. Botere publikoek bermatzen dituzten eskubide sozialen eta herritarren erantzukizun sozialen arteko sinergiak bilatu behar dira formalizatu edo formalizatu gabeko elkartze- eta kooperazio-formula altruista edo mutualista desberdinen bitartez. Horrek ongizaterako zerbitzu publikoen formatuak eta edukiak etengabe berritu eta dibertsifikatzea esan nahi du.

Harremanetara eta erkidegora bideratutako gizarte politika horren beharra eta aukera gizarte zerbitzuen alorrean dago bereziki, ongizatearen sistemako oinarririk gazteena baita (hezkuntza, osasuna edo pentsioekin alderatuta) eta neurri handi batean, eraikitzeko prozesuan dago oraindik. Gizarte zerbitzuek laguntzarekin lotutako eta burokraziara bideratutako ikuspuntua alde batera utzi behar dute, izan ere, pertsonak barne hartzen dituzten sareak eta eremuak ordezkatzen baitituzte. Hau da, harremanetara eta erkidegora bideratutako ikuspegia onartu eta aplikatzen hasi behar dute pertsonek nahi duten tokian geratzeko aukera izan dezaten, eta beren autonomia pertsonala eta beren familia eta erkidegoetan integratzea sustatzeko erantzukizuna beste pertsona batzuekin partekatu behar dute. Zerbitzuek pertsonak talde ahuletan kokatu eta banatzeari utzi behar diote. Beharrezkoa da pertsona guztiek beren bizitza osoan zehar autonomia pertsonala eta harremanen bidez integratzea lortzeko laguntza gisa ulertzea.

Planteamendu hau ez da egiten familiaren eta erkidegoen babesa sendoa delako, alderantziz. Oso ahulak dira eta ondorioz, esku-hartze publikoak ezin du horiek desaktibatzen laguntzen eta suzedaneo formalekin ordezkatzen jarraitu. Botere publiko babesle eta proaktiboen arteko aliantza berri baten eta beroak eta eraginkorrak diren familia eta erkidego sareen bidez soilik lortu ahalko da politika publikoa izatea, eta azken finean, gizalegezko gizarte batean pertsona aske eta arduratsu guztien duintasuna begirunez sustatzen eta modu eraginkorrean babesten duen tresna desmerkaturatzaile gisa aldarrikatzea.

 

www.fantova.net

 

Dokumentuak: gaur

Iruzkinak

Alfonso G.(e)k idatzi zuen Otsaila 18, 2009 21:44

Fernando: como siempre brillante. Sin embargo hemos perdido una buena ocasión para redactar una nueva Ley de Servicios Sociales que además de incidir en lo relacional y lo comunitario desde los principios inspiradores hubiera articulado un entramado institucional para hacerlo posible. Finalmente Madrazo no quiso o no pudo (los favores a pagar son muchos) cuestionar el desmadre institucional y seguimos sin tener un modelo coherente de servicios sociales, donde el Gobierno propone, las Diputaciones disponen y los Ayuntamientos se comen el marrón. Espero que con Patxi al menos se intente cambiar esta situación.Un abrazo